gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko urriak 15, asteartea
James Ellroy
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JAMES ELLROY, GAUR ERE
JAMES ELLROYREN BIOGRAFIA

 

James Ellroy Los Angelesen jaio zen 1948an. Ama erizaina zuen eta edanari emana zen, eta aita kontularia zen. Gurasoak 1954an banandu ondoren, bere amak, Jean Hilliker Ellroyk, semearen zaintza hartu zuen. Los Angeleseko baztertutako auzo batera, El Montera, joan ziren bizitzera. 1958an ama erail zuten, eta hiltzailea ez zuten inoiz harrapatu.

1996 urtean, James Ellroyk My Dark Places argitaratu zuen. Liburua kontaketa autobiografikoa da, amaren hilketari eta 1994an berak egindako kasuaren ikerketari buruzkoa. Amaren fantasmak jazarritako Ellroy gaztea lapur, alkoholiko, drogazale eta emakumeak espiatzen zituen sexuzale bihurtu zen. Besteren etxeetan sartzen zen janaria edo emakumezkoen azpiko arropa lapurtzeko, eta kartzelan izan zen horren ondorioz. Zenbaitzuetan nazitzat jo zuen bere burua eta judu eta beltzen kontrako adierazpenak egin zituen.

Polizi nobelen irakurle irritsu bihurtu eta bere fantasiak narrazio gisa egituratzen hasi zen. Hamar urte bete zituenean, aitak Jack Webb-en The Badge: a history of the LAPD oparitu zion. Ellroy itsutu egin zen liburuarekin eta behin eta berriz aztertu zuen. Hilketak obsesiora iritsi arte liluratu zuen eta liburu horretan Elizabeth Short, The Black Dahliaren hilketa eta mutilazio beldurgarriaren historia ezagutu zuen. Beranduago, aipatu krimenari eta liburuan agertzen diren pertsonaiei buruz idatzi zuen L.A. Quartet izeneko liburu-kuartetoan. “Obsesioa ona da esperientziatik bizirik irteten bazara”, dio Ellroyk eskarmentuz. Honez gain, zera kontsideratzen du Ellroyk, “XX. mendeko Amerikaren historia, gizon zuri gaiztoek eginiko krimenen historia da”.

Bizitzako lehenengo 30 urteetako denbora luzeena noraezean eman zuen, alkohola edanez, drogak hartuz, delitu txikiak eginez eta gaixotasun mentalarekin flirteatuz. Kansas Cityra egindako bidaia eta bere errekuperazioa aldi berean gertatu ziren. Handik gutxira, caddy lana egiten hasi zen Los Angeleseko golf-klub batzuetan, eta hiri horretako hotel merke batean hartu zuen ostatu. 1977ko abuztuan Alkoholiko Anonimoetan sartu zen eta, horri esker, edateari utzi zion. Astean sei egunetan golf-zelaian barrena ibiltzen zen bitartean, krimenarenganako grina narratiboa kontrolatzen hasi eta eleberri batekin amesten hasi zen. 1979an hasi zen aipatu eleberria idazten. 30 urte zituenean lehen nobela argitaratu zuen, bere bizitza islatzen zuen Brown´s Requiem, alegia. 1985ean The Black Dalia idazten hasi zen, amaren hilketa eta gaztetan horrenbeste obsesionatu zuen kasu ospetsua elkartzen saiatuz. Amari eskainitako eleberri hau 1987an argitaratu zen eta arrakasta handikoa izan zen.

TIME aldizkariak urteko eleberritzat jo zuen, 1995ean, Ellroyren American Tabloid. William Vollman eleberrigileak ondorengoa esan zuen nobelari buruz New York Times Book Review-n: "Maisuki menderaturiko artelana da”. Eta Los Angeles Times-ek zera adierazi zuen Ellroyri buruz: "Ez da polizia-fikzio idazle bikaina soilik. James Ellroy gure garaiko iparamerikar idazle handienetarikoa bihurtzen ari da”. Europan, genero “beltzaren” erdijainko kontsideratzen dute, eta Raymond Chandler-en ondorengo idazleak baino estuago dago lotuta Los Angelesekin. American Tabloid idatzi aurretik egindako lan gehienak Los Angelesen kokatzen dira, batez ere Bigarren Mundu Gerra ondorengo hamarkadan, Miranda aurretiko Los Angeles latz eta arrazistan. American Tabloiden aurretiko lau nobelak – Black Dahlia, The Big Nowhere, L.A. Confidential eta White JazzL.A. Quartet izenaz ezagutzen dira. Hauetan, 50eko hamarkadan bere jaioterrian izandako gertakizun ilun eta obsesiboak kontatzen dira, historikoa ez den ikuspuntu batetik.

(Itzulpena: Katerin Blasco)

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net