gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 14, osteguna
James Ellroy
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JAMES ELLROY, GAUR ERE
JAMES ELLROYREN AUTOBIOGRAFIA


(Laburpena Hernán Sabaték itzulitako “Mis rincones oscuros” liburutik ateratakoa da)

1948
1948. urtean irten nintzen agertokira (48.03.04).

*****

1954
1954. urtean izan zen. Nik sei urte nituen, eta West Hollywoodeko lehen hezkuntzako eskolan lehenengo maila egiten ari nintzen. Amak egongelako sofan esertzeko esan zidan behin; segidan, aitak eta berak dibortziatu behar zutela jakinarazi zidan.

*****

1958
Bigarren hezkuntzako eskolara joan nintzen. Reyes eta Danny izeneko bi mutiko mexikarren lagun egin nintzen. Behin, porro bat erre genuen hirurok. Zorabiatuta sentitu nintzen, flotatzen ari izango banintz bezala. Etxera itzuli nintzenean, kaxa bat gaileta jan nuen osorik. Lo geratu nintzen, eta esnatu nintzenean, seguru nengoen heroinazale bihurtuko nintzela berehala.

*****

1958 (geroago) (1958.06.22)
Emakume bat zen, kaukasiar arrazakoa. Azala oso argia zeukan eta ilea gorria. Berrogei urte inguru izango zituen. Ahoz gora etzanda zegoen huntz landare baten ondoan, espaloi ertzetik zentimetro gutxi batzuetara.

Eskuineko besoa gorantz jasota zeukan. Eskua lur gainean zegoen, buru gainetik, burutik zentimetro gutxi batzuetara. Ezkerreko besoak, ukondotik tolestuta, gorputza gurutzatzen zuen gerri gainean. Eskua uzkurtuta zeukan; hankak luze eta zabalduta.

Eskote zabaleko soinekoa zeukan jantzita, itsas-urdin kolorekoa, mahukarik gabea eta arina. Kolore urdin iluneko soingaineko batek, berekin bat zetorren forrua zeukanak, emakumearen gorputzaren beheko aldea estaltzen zuen.

Oinak eta orkatilak begien bistan zeuden. Eskuineko oina ortozik zegoen. Ezkerreko orkatilaren inguruan nylonezko galtzerdi bat zeukan kiribilduta.

Soinekoa maiztuta zegoen, eta besoak eltxoen ziztadez beteta zeuzkan. Mingaina ezpainen artean azaltzen zen, eta aurpegian hainbat kolpe ikusten ziren. Bularretakoa askatuta zeukan eta bularren gainetik igota. Lepoaren inguruan, nylonezko galtzerdi bat eta kotoizko soka bat zeuzkan, biak lokarri sendoez lotuta.
(...)
Gorrotatu eta desiratu ere egiten nuen.
Eta, bat-batean, hilda zegoen.

*****

1959
Liburu batean iritsi zitzaidan. Opari laño batek nire mundua suntsitu zuen oinarrietaraino.
Hamaika urte bete nituenean, aitak liburu bat eman zidan. Liburua ez zen fikziozkoa, Los Angelesko Polizia Departamentuari egindako kantu bat baitzen, Plaka izenburukoa.

*****

1959 (geroago)
Pobreak ginen. Gure etxebizitzari txakur kakaren kiratsa zerion. Nik gailetak eta esnea gosaltzen nuen goizero, eta hanburgesak edo pizza izoztua afaltzen nuen gauero. Piltzarrak jantzita ibiltzen nintzen. Aitak bere buruarekin hitz egiten zuen, eta telebistako esatariei popatik hartzera joateko eta buztana miazkatzeko esaten zien. Galtzontzilotan ibiltzen ginen beti. Neskak biluzik erakusten zituzten aldizkarietan harpidetuta geunden. Gure txakur emeak haginka egiten zigun, noizean behin.

Bakarrik sentitzen nintzen. Ez neukan lagunik. Nire bizitza ez zen guztiz zuzena –hala iruditzen zitzaidan–.

Baina, hainbat gauza nekizkien.

*****

1959 (geroago)
Erne egon nintzen institutuan. Zelatan eta zitalkeriatan.

Beste galtzaile batzuekin elkartu nintzen. Eskolan aldizkari pornoak sartzen genituen, eta komunetan masturbatzen ginen. (…) Existitzen ez ziren liburuen berri laburrak egiten nituen ahoz eta hizkuntza klaseko mutil bikainak konbentzitzen nituen. (…)

Juduen aurkako etsaitasunezko argudioetan setatu nintzen. Aita Santua gaitzesten nuen, amari ikasitako bidetik, eta John Kennedy lehendakariaren ahaleginen aurka gaizki esaka aritu nintzen. (…) Nire barregarrikerien xedea den-denak eskandalizatzea zen.

*****

1962
Bizikletaz ibiltzen nintzen bitartean, ostu egiten nuen. Liburuak lapurtzen nituen Pickwick Shopen, eta Rexall-etik eskola materiala eramaten nuen. Lasai asko eta batere damurik gabe aritzen nintzen lapurretan.

Bi gurpilen gaineko mehatxu bilakatu nintzen. Adingabeko basatia nintzen, hirian aske zebilena. Metro eta laurogei zentimetrotik gora eta hirurogeita hamar kilo nintzen. Nire bizikleta superpertsonalizatuak barreak eta burlazko hitzak sorrarazten zituen.
Los Angelesek, oro har, askatasuna esan nahi zuen.

*****

1962 (geroago)
1962ko ekainean, bigarren hezkuntza bukatu nuen. Udaran, irakurri eta lapurtu egin nuen, masturbatu nintzen, eta amets egiten ibili nintzen.

*****

1962 (geroago)
Poor Richard’s liburu dendara joan nintzen bizikletaz, eta eskuin muturreko foileto sorta bat erosi nuen. Foileto batzuk postaz bidali nizkien obsesio nituen neskei. Beste batzuk gutunontzietan itsatsi nituen Hancock Park osoan. Lloyd, Fritz eta Daryl-ek bere taldetik bota ninduten. Haientzat bitxiegia eta tamalgarriegia nintzen.

*****

1963
1963. urteko uda era lausoan igaro zen. Misteriozko nobelak irakurri nituen, polizi filmak ikustera joan nintzen, hilketa egoerak irudikatu nituen, eta Kathyren zelatan egon nintzen Hancock Parken. Liburuak, janaria eta hegazkin maketak ebatsi nituen, eta bainujantziak ere bai, Hang-Ten-en, surflari aberatsei saltzeko. Nire nazi grina baretu zen.

*****

1964
1964ko maiatzean, denda batean ebasteagatik atxilotu ninduten. Ezkutuan ari zen zaindari batek harrapatu ninduen sei bainujantzi eraman nahi nituenean. Atzeman ninduen eta ordu luzetan egin zidan errieta.

*****

1965
Hamazazpi urte bete nituen 65eko martxoan. Ordurako, metro eta laurogeita bost zentimetro luze nintzen, eta nire galtza-barrenak ez ziren orkatiletara iristen. Nire alkandoretan odol eta zorne zipriztinak ibiltzen nituen, akne gainezka ernetuaren oldarrez. Nik hura guztia bukatzea nahi nuen.

*****

1965 (geroago)
Bere eskuineko eskuari eutsi nion ohe ertzaren ondoan, eta sendatuko zela esan nion. Ulertu nizkion azken hitzak hauek izan ziren: “Saia zaitez neska zerbitzari guztiak ligatzen”. (…) 1965eko ekainaren 4an izan zen. Ama ondoan ez zuenetik zazpi urte besterik ez zen bizi.

*****

1965 (geroago)
Armadak uztailean lizentziatu ninduen. Lizentzia orokorra “ohorezko baldintzetan” eman zidaten. Libre eta zuria nintzen, eta hamazazpi urte nituen. Lizentzia eman zidaten Vietnamera joan behar zutenak prestatzen hasiak zirenean, hain zuzen ere.

*****

1965 (geroago)
Jaten nuen ia guztia lapurtzen nuen. Nire dieta inguruetako supermerkatuetan harrapatzen nituen xerrek eta txuletek osatuta zegoen. Abuztuaren hasieran, bi saltzaile oldartu zitzaizkidan gainera Liquor & Food Markt-etik irtetean. (…) Polizia iritsi zen. (…) Poli batek ni atxilotzeko paperak bideratu zituen eta oso aurrekari gogorrak zituzten mutilez beteriko logela batean sartu ninduen.. (…) Han betiko geratuko nintzela irudikatzera ere iritsi nintzen.

*****

1965 (geroago)
Watts-eko istiluak gertatu ziren. Los Angeles sutan zegoen. Matxinatuak hil eta hiri hura errausteko desioa izan nuen. Matxinadak asaldatu egiten ninduen.

*****

1966
Seconala eta Nembutala ez ziren nire gustuko; ergeldu egiten ninduten eta ia katatoniko utzi. LSDa ondo zegoen, baina berekin zeraman mezu transzendentala ez zitzaidan axola. (…) Dexedrina eta Dexanoylak sei aldiz biderkatu zuten fantasietan aritzeko nire gaitasuna. Gauza bera gertatu zen nire narrazio dohainekin (…). Anfetamina sexua zen (…). Kanpaia jotzen aritzen nintzen hamabi eta hemezortzi ordu bitartean, jarraian. Benetan zen gustagarria…

*****

1967
Sukaldeko ate ondoan makurtu nintzen eta katazulotik sartu nuen ezkerreko eskua. Barruko kisketa zabaldu nuen eta barrura sartu nintzen.

Etxean gora eta behera ibili nintzen argiak itzalita. Botikinak arakatu nituen droga bila, eta lasaigarri berri batzuk aurkitu nituen.

Whisky bikoitza hartu nuen lehenbizi, eta gero beste batzuk ere zanga-zanga edan nituen. Edalontzia garbitu eta aurkitu nuen lekuan utzi nuen berriro.

Heidiren logela zeharkatu nuen. Bere burkoen usain gozoa hartu nuen eta armairua eta tiraderak nahastu nituen. Lentzeria mordo batean sartzen nuen aurpegia, eta kulero zuri batzuk lapurtu nizkion.

*****

1968
Hollywoodek izutu eta umiliatu egiten ninduen. Hippyak maritxu atzeratu batzuk ziren. Musika degeneratua atsegin zuten, eta metafisika engainagarria aldarrikatzen zuten. Leku hura pikor zornetsu bat zen.

*****

1968 (geroago)
Hiru edo lau egunean behin inhalagailuak osten nituen eta desagertu egiten nintzen. Liburutegian, gizonezkoen komunetan drogatzen nintzen, eta Robert Burns Parkera itzultzen nintzen. Anfetaren bulkadak sexu eta delitu fantasiarik landuenak eskaini zizkidan. Esku-argi bat eta aldizkari porno batzuk lapurtu nituen eta nire mundu pribatuan sartu nituen.

*****

1968 (geroago)
Azaroaren bukaeran gertatu zen. Lau poliziak atea bota zuten ostikoka, eta beren pistolez destatu ninduten.

Lurrera bota ninduten eta bilurrak jarri zizkidaten (…) eta auzitaratu egin ninduten etxean indarrez sartzeagatik (…). Hogei egunak igaro zirenean, askatasun baldintzatuko ofizial bat agertu zen (…). Epaia atzeratu egingo zuten, eta hiru urteko askatasuna proba moduan emango zidaten. Lana aurkitu beharko nuen.

*****

1969
Nire lantxoak egiten nituen astelehenetik ostiralera bitartean. Gosaltzeko, litro laurden bat whisky edaten nuen Listerine ahoko elixirrarekin nahastuta. Pilotu automatikoak ahalbidetzen zidan bazkari ordura arte ardo pittin batekin edota belar pixka batekin irautea. Gauero horditzen nintzen, eta asteburuak bidaiatzen ematen nituen, inhalagailuei esker.

*****

1970-75
Parkeetan, atzealdeko patioetan eta hutsik zeuden etxeetan bizi izan nintzen. Ostu egin nuen. Edan egin nuen. Irakurri egin nuen eta ameskeriatan aritu nintzen. Los Angeles osoan ibili nintzen belarrietan kotoia sartuta. (…)

Bost urte igaro nituen ibilian ibili. Kamera geldoan emandako film lauso baten modura iragan ziren. Nire fantasiak lasterka ibili ziren urte horietan zehar kontrapuntu bizkortu gisa. Kaleko eszenak atze-oihala bezalakoak ziren nire barneko elkarrizketaren ahotsentzat. (…)

(…)azkenean, delirium tremensa izan nuen. (…) Munstro batek jauzi egin zuen komunetik. Estalkia itxi nuen eta munstro gehiagok zeharkatzen zutela ikusi nuen. Armiarmak ari zitzaizkidan lasterka hanketan gora eta behera. Orban txiki batzuk hegan ari ziren jira biraka nire begien aurrean. (…) Botila bat whisky ebatsi nuen eta auto-stopez joan nintzen konderriko ospitalera. Botila aurrealdeko eskaileretan hustu nuen, eta sartu egin nintzen.
Sendagile batek agindu zuen ni alkoholikoen aretoan sartzea. (…)

Horixe zen nik nahi nuena. Hori edo heriotza. Hogeita zazpi urte nituen.
(geroago)

*****

Nire burmuinak horma hutsak kolpatzen zituen. Ezin nituen nire pentsamenduak irudikatu, eta ez nuen hitzik aurkitzen horiek adierazteko. Ordubete baino gehiago behar izan nuen burutapen soil eta bakun horretara iristeko. (…)

Ohe bati lotuta esnatu nintzen. (…) Eskumuturrak larrututa eta odoletan neuzkan. Ia hortz guztiak laxo sentitzen nituen. Kokotseko mina neukan eta hatz-koskorrak erresuminduta, urradura txiki batzuk nituen-eta. Ospitaleko ohe-atorra neraman jantzita. Eta txizaz bustita neukan erabat. (…)

Dena itzuli zen. Xehetasun bakoitza oroitu nuen. Negarrez hasi nintzen. Jainkoari otoitz egin, eta neure senean mantentzea erregutu nion.

*****

1975 (geroago)
Kadiak etxola batean elkartzen ziren, eta bertan edan, kartatan jokatu eta istorio lizunak kontatzen zituzten. Mozkortiak ziren, droga kontsumitzaileak eta ludopatak. Han ondo moldatuko nintzela jakin nuen.

Kadien lana jokalariaren makilak eramatea eta makilen artean zeuden desberdintasunak ezagutzea zen. Nik golfaz ezertxo ere ez nekien. Entrenatzaileak esan zidan ikasiko nuela. (…)

Ez nuen edaten, eta ez nintzaien inhalagailuei lotzen. Marihuana erretzen nuen eta arduraldi osoko ameslariak legez bizi nintzen, baina askoz ere zoliago.

*****

1977
Ia hogeita hamar urte nituen. Gauzak egin nahi nituen, ez nuen lapurtzen, ez neukan sexu fantasiarik nire amarekin. Jaungoikoak edo bestelako indar kosmikoek adimena itzuli zidaten behin betiko. Ez nuen ahotsik entzuten. Ez nengoen lehen bezain izorratuta. (…)

Tipo batzuen lagun egin nintzen. Lasaitu egin nintzen emakume kontuetan eta nire ego-a askatu nuen Alkoholiko Anonimoak erakundearen atriletan. Hizlari bikain bihurtu nintzen berehala. Neure buruari kalte egiten zion nire exhibizionismoa guztiz aldatu zen.

*****

1978
Mundu errealak ametsezkoa estali zuen. Historia horrek bakarrik irauten zuen. Banekien nobela bat zela.

Mamu bat balitz bezala ibiltzen zen nire atzetik. Nire pentsamenduetan indarrez sartzen zen une bitxietan. Ez nekien hori idazteko ausardia izango nuen. (…) Nobela idatzi nuen eta saldu egin zen. Niri buruzkoa eta Los Angelesko delitu munduari buruzkoa zen.

(P. Layantek egindako hautaketa)

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net