gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 14, osteguna
James Ellroy
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JAMES ELLROY, GAUR ERE
JAMES ELLROYREN IRUZKINAK


BROWN’S REQUIEM

Fritz Brown detektibea, musika klasikoarekin obsesionatuta dagoen alkoholiko ohia, ez da detektibe konbentzionala, inola ere ez: Los Angeleseko poliziatik kaleratu zuten duela urte asko eta legearen mugan ibili behar du oraindik aurrera egingo badu. Eskale itxura izan arren, mila dolar eskainiko dizkio aberatsa den golf caddie xelebreak, bere arrebarekin bizi den larru-saltzaile judu aberatsa zelata dezan egun gutxi batzuetan. Baina emakumea oso erakargarria da, eta biolontxeloaren zale amorratua, gainera. Ondorioz, Brownek emakumearen atzetik joatea eta bezero bitxiak horrenbeste diru nondik ateratzen duen ikertzea erabakitzen du…

*****

CLANDESTINE

James Ellroyk polizi agente gazte baten ibilbidea deskribatzen du, bere igoera geldiezina eta sekulako erorialdia, alegia. Bien bitartean, idazleak istorio kriminal korapilatsua garatzen du eta, Koreako gerra testuinguru izanik, estilo lazgarria, bere ezaugarria dena, eta gaizkiaren eta iluntasunaren eremuak aurkezten ditu.

*****

BLOOD ON THE MOON

Lloyd Hopkins sarjentua gizon erreprimitu eta bortitza da, eta bere bizitzan lortu ez duen ordenarekin dago obsesionatuta. Nobela honetan hogei urteetan zehar gertatutako hilketak kontatzen ditu, eta drogazale eta trafikatzaileen mundua deskribatzen du.

Blood on the moon eleberriari zor dio James Ellroyk bere izena. Liburu hau Hopkins Sarjentuaren trilogiaren lehen zatia da. Bertan, egileak polizi nobelaren argumentuak ikertzen ditu, genero honen eredu klasikoak berreskuratuz.

*****

BECAUSE THE NIGHT

Because the night, Blood on the moon eleberriarekin hasitako Hopkins sarjentuaren trilogiaren bigarren eleberria da. Honakoan, poliziak erakunde kriminal beldurgarri bateko kideak akabatuko ditu banan-banan. Baina polizia-talde horretan ez dira denak errugabeak, inondik ere. Hopkinsek James Ellroyen begirada gupidagabeak sortzen duen bihotz-zirrara garratzarekin amaitzen ditu bere abenturak, idazleak Los Angeles hiriko zoko ilunetara maisuki eta maitasunez garraiatzen gaituen bitartean.

*****

SUICIDE HILL

Hopkins sarjentuaren trilogiaren azken emanaldia da Suicide Hill. Bertan, bankuak lapurtzen dituen eta bere onetik ateratzen den gaizkile-taldearen istorioa kontatzen du. Lloyd Hopkins lapurren atzetik doan agente talde baten buru da, baina laster jakingo du berak horrenbeste ezagutu eta errespetatzen duen polizia ez dela dirudiena, inondik ere…

*****

THE BLACK DAHLIA

1947ko urtarrilaren 15ean, emakume gazte baten gorpua agertu zen orube batean, bi zatitan moztuta. Auzitegiko medikuak adierazi zuenez, biktima hainbat egunetan torturatu zuten eta, bien bitartean, ez zuen konorterik galdu. Geroago, 22 urteko Elizabeth Short zela jakin zen, eta kazetari batek “Dalia Beltza” izena jarri zion bere janzteko eragatik. Poliziak ez zuen hiltzailea inoiz aurkitu.

James Ellroyk gertakari hura berregin zuen, “Dalia Beltza”-rekin obsesionatutako Los Angeleseko bi polizien eskutik. Gertakariaren ikerketa, gerraosteko Hollywoodera egindako bidai ikaragarria bihurtuko da, eta Mexikoko mugan dauden pornografia eta adingabekoen galbideratze sareetara eramango ditu protagonistak.

*****

THE BIG NOWHERE

Istorio hau Los Angelesen dago kokatuta, baina giroak propio aukeratuta daude hiriko etorbide handietatik haratago gertatzen dena kontatzeko. Ellroyk kalezulo, motel eta boterearen bulegoetan gertatzen den bizitza paraleloaren mosaikoa eskaintzen digu.

*****

L.A. CONFIDENTIAL

Los Angeles, 50eko hamarkada, xehetasunez beteriko garai liluragarria. James Ellroyk L.A. Confidential maisu-lanean deskribatzen duen hiria hiri epikoa da, eta polizi ustelkeria du ardatz nagusi. Mafiak, prostituzioa, pornografia eta izugarri aberasten diren polizi eta politikariek 50eko Amerika zoriontsuaren mitoa suntsitzen dute. Hilketa kolektibo krudela, biktima eta borreroen bizitzaren ardatz bihurtuko da. Euren artean borrokatzen diren mafiak, pornografia nonahi, aberats izateko negozioan sartu diren politikariak. Hots, hiri epikoa da, XX. mendeak onartzen duen epika, alegia.

*****

WHITE JAZZ

Dave Klein polizia ustel eta gaizkileak Narkotikoen Departamentua, udal-politikariak, epaileak eta drogen mafia barne hartzen dituen istorioa kontatzen du lehen pertsonan. White Jazz, Los Angeleseko Kuartetoa izenekoaren azken emanaldia da. Aipatu liburu-kuartetoak berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadatan Los Angeles hirian izandako krimenak eta ustelkeria ikertzen ditu. Kuartetoa, White Jazzez gain, The Big Nowhere (1998), The Black Dahlia (1987) eta L.A. Confidential (1990) eleberriek osatzen dute.

*****

AMERICAN TABLOID

American Tabloid eleberriarekin hasi zuen James Ellroyk “Amerikar Trilogia”. Bertan, gertakari historiko eta literarioak nahasten dira. Ohiko polizia-egitura erabiliz, Ellroy 60ko hamarkadako Amerikan barneratzen da (ekintza 1958 eta 1963. urte artean gertatzen da), eta gertakari gatazkatsu eta delikatuak ikertzen ditu. Kubako misilen krisia edo Kennedy presidentearen ustekabeko hilketa dira testuinguru. Garbi jokatzen ez duen Bondurant poliziak, protagonistak, gertakariak berregingo ditu, gezurrezko errealitate sentsazioa sortuz.

*****

MY DARK PLACES

My dark places eleberri gisa irakur daiteke, eleberria ez den arren. Erreala eta izugarria ere baden gertakaria du abiapuntu. Ellroyk 10 urte zituenean, bere amaren gorpua aurkitu zuten Los Angelesetik gertuko herrixka batean. Hiltzailea ez zuten inoiz aurkitu eta kasua itxi egin zuten. Urte asko igaro ondoren, Ellroyk bere kabuz hasi zuen ikerketa, erretiratutako polizia baten laguntzarekin. Ez zuten hiltzailea aurkitzerik izan, baina kaleko profesionala –bere ama- izan zenaren bizitza ezagutu zuten, bai eta proxeneta eta beste pertsona zital batzuekin izan zituen harremanak ere. Polizia ere ez zen onik irten, ezta iparamerikar gizartea ere, bere eleberrietan beti gertatzen den bezala. Honez gain, krimenari eta krimena eta lizunkeriaren arteko mugari buruzko gaiak azaleratu zituzten, liburuaren izenburuak adierazten duen memoriaren bazter ilunetara egindako bidaian.

*****

CRIME WAVE

Bihotzik gabeko kazetariak pertsona ospetsuen trapu zikinak ateratzen ditu argitara, lokatzean iraulkatzen da plazer handiz, eta prentsa horiaren alde hiltzeko gai ere bada. Akordeoilari ospetsua hilketa zale bihurtzen da. Gizon batek argitu gabeko kasuak ikertzen ditu polizia-artxiboetan, bere amaren hilketarekin izan ditzaketen lotura posibleak aurkitzeko. Nerabe luzanga eta arraroaren atzean, lapurraren atzean, aktorearen atzean, kondenatuaren atzean, Los Angeleseko kaleetan noraezean dabilenaren atzean, James Ellroy dago, gizona, bere jakin-mina, zorrotz behatzeko gaitasuna eta, batez ere, bizi-esperientzia. James Ellroy idazleak herrestan eramaten du irakurlea hiri-kronika intimista hauetara. Horretarako, estilo zuzena erabiltzen du, hainbatetan zakarra ere bai. Crime Wave GQ aldizkarian argitaraturiko ipuin eta artikulu bilduma da.

*****

THE COLD SIX THOUSAND

Fikziozko pertsonaiak eta oraintsuko historiatik ateratako beste batzuk nahastuz, Ellroy Amerikar ametsaren leku ilunetan barneratzen da, hain justu, finantzak, krimena eta politika elkartzen diren lekuan. Errealismo hutsagatik izutzen duten fikziozko pertsonaiak, eta Shakespeareren ezaugarriak dituzten pertsonaia errealak nahasten dira: zekenak, diruzaleak, krudelak. Ellroyk mundua astindu zuten gertakarien erdigunean kokaturiko pertsonai zerrenda bikaina sortzen du: Cochinos badia, Dallas 1963, KKK, Mafia, FBI, etab.

*****

DESTINATION MORGUE

Estatu Batuetako presidentzia lortzeko borrokaren kontrako kritika garratza, mexikar boxeolariek bizitza eman eta ospea lortzeko erabiltzen dituzten ringak, nerabe bati ametsak bortizki hausten zaizkiola ikusi dituen logelak eta kontaketa intimista eta autobiografikoak. James Ellroyk Egia lortzea beti ezinezkoa den bere onetik ateratako munduaren ikuspegi propioa islatzen du

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net